Sinesmenen garrantzia: SALTZAILE GORRAREN IPUINA

“Bazen behin bidegurutze garrantzitsu baten ondoan bizi zen gizon bat. Egunero goizean goiz berak etxean egindako ogitartekoak saltzeko postu txiki bat jartzen zuen bidegurutzean.

Gorra zen gizon hura, eta beraz, ez zuen irratiko berririk entzuten. Gainera, ez zuen oso ondo ikusten, eta ez zituen telebistako eta egunkarietako berriak ikusi eta irakurtzen. Baina hori bai, ogitarteko zoragarriak saltzen zituen egunero bere postu txikian.

Halaxe pasa zituen hilabeteak, azkenean lursail bat alkilatu behar izan zuen arte. Izan ere, geroz eta ogitarteko gehiago saltzen zituen. Koloretako kartel handi bat jarri zuen bertan eta egun osoa garrasika igarotzen zuen : Eros itzazue ogitarteko gozo-gozoak ! Eta esan bezala, jendeak egunetik egunera ogitarteko gehiago eta gehiago erosten zituen.

Geroago lursail handiago bat alkilatu zuen, kokapen hobearekin, eta salmentak gorantza zihoazen. Geroz eta lan gehiago zeukan, eta bere semeari deitzea erabaki zuen laguntza eske. Izan ere, hiri handi batean lanean zebilen enpresari ospetsu bat zen semea.

Aitaren deiari ondorengoa erantzun zion semeak: Baina, aita, ez al duzu berririk entzun edo ikusten irrati, telebista eta egunkarietan? Krisi izugarria igarotzen ari gara, egoera oso larria da, ezinezkoa da orain negoziorik irekitzea.

Horren aurrean, aitak zera pentsatu zuen: Nire semea enpresari oso ona da, kontaktu garrantzitsuak ditu. Ezinezkoa dela badio, arrazoi izango du.

Horrela, kontu handiz jarraitu zuen bere ogitartekoen negozioan. Geroz eta ogi eta osagai gutxiago erosten zituen, badaezpada. Ondorioz, geroz eta ogitarteko gutxiago saltzen zituen. Eta denbora baten ostean negozioa itxi behar izan zuen.

Goiz hartan berriro ere bere semeari deitu eta ondorengoa esan zion: arrazoi zenuen, krisi-egoera larria da eta nik ere negozioa itxi behar izan dut.”

Comments

Leave a Reply