Tag Archives: Beldurrak

BIRIBILGUNE BATEAN BUELTAKA

Errutinan bizitzera ohitzen gara, modu berdinean jardun eta pentsatzera. Sistemak eta gizarteak bide zehatz bat erakutsi digu, eta bide hori jarraitzen dugu. Ez diogu momentu batez ere gure buruari galdetzen ea bide hori den gure benetako bidea. Aurrera goazela uste dugu, baina bueltaka gabiltza, biribilgune batean bezala.

Batzuetan biribilgune horren erdian gelditu eta bide egokitik goazen galdetzen diogu gure buruari, baina gizarteak segituan atzetik bozina jo eta aurrera jarraitzen dugu bide berdinetik. Bide horretan bueltaka jarraitzeagatik gure ilusio eta ametsak ahazten zaizkigu. Zorionez gorputzak askotan ohartarazten gaitu, seinaleak bidaltzen dizkigu: nekea, ilusio falta, tristura, mina, antsietatea, beldurrak… hala ere bide berdinean jarraitzea erabakitzen dugu.

Egun guztian zehar korrika ibiltzen gara, askotan nora goazen ere jakin gabe, baina korrika. Hori egin behar dugula pentsatzen dugu, hori dela bidea, gainontzekoek hori egiten dutenez guk geuk ere berdina egin behar dugula. Azkenean, kotxean erregaia falta dela ohartarazten duen seinalea piztu eta presagatik ezin garela geratu esatea bezalakoa da hori, izan ere, geratzen ez bagara momentu batean kotxea erregairik gabe geratuko da, eta orduan arazoa handiagoa izango da.

Guzti hori aldatu edo hobetzeko apur batez gelditzea da modu bakarra. Geratu, nora goazen hausnartu, eta ikusi ea leku hori den guk joan nahi dugun tokia. Gehienetan, gauza gutxiago egitea edo egiten dugun hori mantsoago egitea izaten da konponbiderik egokiena egoerak konpondu eta zoriontsuago izateko.

Oso garrantzitsua da denbora ondo sailkatzea. Denbora da daukagun altxorrik baliotsuena. Denbora ezin dugu erosi, beraz, gure eguneroko denbora nola erabili jakitea da ikasi behar dugun garrantzitsuena. Guztiok denbora berdina daukagu egunean zehar, 24 ordu hain zuzen ere. Denbora hori berdina da lasai dabiltzanentzat edo korrika dabiltzanentzat, baina gure esku dago denbora hori zertan erabili erabakitzea: gure alde, gure aurka, edo beste batzuen denboraren alde.

Estresa ez da kanpoko zerbait, barrukoa baizik. Estresa guk geuk sortzen dugu gure bizimoduarekin, bizitza ikusi eta sentitzeko daukagun erarekin. Beraz, ez begiratu kanpora hori konpontzeko, konponbidea zure barruan dago. Munduak berdin jarraituko du zu aldatu edo ez, baina zu aldatzen bazara, zure mundua aldatuko da.

Gehienetan ez geratzeko arrazoi nagusia beldurra da, eta estresa beldur horren ondorioa besterik ez. Geratzeak eta barrura begiratzeak guzti horretaz konturatzen lagunduko digu, gure burua hobeto ezagutzen. Non gauden eta nora goazen jakitea baimenduko digu. Ez bagara orain geratzen, lehenago edo beranduago geratuko beharko dugu, baina seguruenik kolpea handiagoa izango da zenbat eta beranduago gelditu.

Har ezazu mesedez zuretzat tarte bat, ahal baduzu egun oso bat. Zuretzako egun bat hartzea asko iruditzen bazaizu, bi egun hartzea komeni zaizunaren seinale izango da. Zuretzat, munduko pertsonarik garrantzitsuenarentzat, ezin al duzu egun bat hartu? Egun horretan lasaitasunez barrura begiratu eta idatzi ezazu non zauden, nola egon nahiko zenukeen eta zer aldaketa behar dituzun. Horrek ez du esan nahi aldaketa horiek orain egin behar dituzunik, momentuz behintzat barrura begiratzea eta barnean sentitzen duzunari arretaz entzutea nahikoa da. Pausoz pauso eta poliki-poliki. Lan handia da lehen pausu hori egitea.

Ziur naiz behin ariketa hori egitean gustua hartuko diozula eta orain arte zuretzako tarterik izan ez duen egutegi horretan zuretzako tarte gehiago hartzen saiatuko zarela. Noski baietz, merezi duzu, eta hori onartzea da aldaketaren lehen pausua. Har ezazu denbora gehiago zuretzat.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Orain bertan zer izango litzateke zure bizitza aldatuko lukeen hori? Zer aldatuko zenuke zure bizitzan?

ORAIN DA ZURE GARAIA

“Zeren zain zaude? Kasu egin zure barruari. Zenbat eta gehiago itxaron, 

orduan eta zailagoa egingo zaizu benetako bidea bilatzea.” Walt Whitman

Orain da garaia zure barrua ezagutu, adierazten dizunari kasu egin eta martxan jartzeko. Horixe da eskaintzen dudan “orain da zure garaia” ikastaro edo programaren oinarria. Berdin du non zauden, nondik zatozen, zeintzuk izan diren zure zailtasunak edo zein sinesmenen arabera jokatu duzun orain arte. Hemendik aurrera balio duen bakarra da nora eta nola joan nahi duzun, baita nolakoa izan nahi duzun eta zer egin nahi duzun ere.

 

Urteak daramatzazu erabakiak hartzen eta erabaki horien emaitza da zure gaur egungo errealitatea. Baina hemendik aurrera izango zarena orain hasten da, orain hartzen dituzun erabakiek eta jarrerak baldintzatuko dute, horrela zure etorkizuna osatuz. Zure bizitzaren errespontsabilitatea eta ardura hartzen duzunean ez duzu besteen menpe egon beharrik. Eta momentu honetan askatasun horretatik urruntzen zaituen bakarra zure aske izateko beldurra besterik ez da.

Argi dago ezingo dugula hemendik aurrerako bizitza aldatu orain arteko sinesmen eta pentsamolde berdinekin jokatzen jarraitzen badugu. Pentsamolde eta sinesmen berrientzat lekua utzi beharra dago eta horretarako zaharrak alde batera utzi beharko dira. Horregatik, lehenengo ezinbestekoak diren bi arlo landu behar dira:

1.BARRURA BEGIRATU: Esnatu, sinesmenak, emozioak, beldurrak, jarrerak kontuan hartu… Barrura begiratu eta konturatu ez dugula egoera larri batean egon behar gure bizitzako bolantea hartzeko.

2.EZAGUTU ZURE ALTXORRA: Autoezaguntza, kontzientzia, baliabideak, gaitasunak, zailtasunak, ametsak… Igeri egiten ikasteko beharrezkoa da uretara sartzea, eta nahiz eta teknika ikasi edo igeri egiteari buruzko teoria guztia jakin, ezinbestekoa da uretara salto egitea. Eta kasu honetan berdin gertatzen da, zure barrua sentitu eta ezagutu gabe ezinezkoa da bide berri bat hastea.

Ez digute irakasten gure gaitasun eta baliabideen baitan bizitzen, ezta gure burua maitatu eta autoestimu sanoa izaten ere. Ondorioz, beldurrez bizi gara, antsietatearekin, gure ingurukoekin erlazio kaxkarrak sortuz eta emozioak kudeatu ezinik. Ezin izaten dugu gure buruarekin bakean bizi, gure osasuna okertzen joaten da, pasioa galtzen dugu eta neke sentsazioarekin bizitzera ohitzen gara.

Horretarako beharrezkoa da lehen aipatutako bide berri hori hartzea, barrura begiratu eta zure altxorra ezagutzea. Horrela konturatuko zara zu zarela zure bizitzako pertsonarik garrantzitsuena, eta bizitza zoriontsu batera bideratzeko beharrezko dituzun gaitasunak, erantzunak eta erramintak zure barnean daudela.

Uste dut bizitzako helburu garrantzitsuena zoriontsu izatea dela. Zoriontasuna lortzea bere osotasunean. Hori ez da alai egotea, etengabe barreka egotea eta festan ibiltzea. Zoriontsu izatea norbera bere buruarekin bakean egotea da. Alaitasunean eta tristuran, ziurtasunean eta kezkan, argitasunean eta iluntasunean, baina bakean. Bizitza ez da alaitasuna bakarrik, bizitzak egun ilun asko dauzka, trumoi egunak, eta guztiok izaten ditugu horrelako egunak. Baina zure bidea zein den argi duzunean eta zure bidearekin bat egiten duzunean, zure burua maitatzen duzunean, iluntasunean ere bakean egongo zara, izan ere, leku egokian zaudela jakingo duzu eta iluntasun horretatik irten eta zure bidean jarraitzeko erramintak badituzula argi izango duzu. Hori da zoriontasuna, norbera bere buruarekin bakean egotea. Eskaintzen dudan programa honetan hori lantzen da: apur batez gelditu, barrura begiratu, zure burua ezagutu, bide bat marraztu eta bakean, burua tente jarrita, zoriontasunera zaramatzan bide horretan martxan jartzea.

Laguntzaile pertsonala izanik, prozesu hori jorratzeko laguntza ere eskaintzen dut, zure burua eta bihotzarekin kontaktuan jarri zure bertsiorik hoberena ateratzea helburu izanik. Batzuetan hitzaldi eta saioen ondoren jendea etortzen zait esanez: “zuk daukazun patxada eta lasaitasun hori nahiko nuke niretzat”. Eta nire erantzuna beti zera izaten dada: “ez duzu kanpoan bilatu beharrik, zure barruan daukazu. Agian oraindik ez zara konturatu, baina seguru nago zure barruan dagoela. Bila ezazu.”

Ez gara gure gaitasunez baliatzen, eta are okerrago, askotan ez garena edo izan nahi ez duguna azaltzen dugu kanpora askotan. Behingoz zure burua ezagutu nahi baduzu, zure gorputza adierazten dizunari kasu egiteak beti argituko dizu bidea. Zure emozioei arretaz erreparatu, emozio horiek sentitu, eta ez ukatu ezta ezabatu ere. Baliteke zure buru (sinesmenak, pentsamenduak) eta emozioen artean liskarra egotea, baina argi izan zure emozioak direla beti egia adieraziko dizutenak.

Orain da zure garaia. Zenbat denbora gehiago behar duzu? Zenbat sufrimendu gehiago jasan behar duzu? Zenbat aldiz gehiago utzi behar diozu zure buruari agintzen, zure bihotza ahaztuta? Zure ezinegona jasaten jarraitu eta ingurukoei zein gaizki zauden esaten jarraitzeak zure ezinegona areagotu besterik ez du egingo. Konponbidea zure barnean dago. Aldaketari bultzada nagusia zure egiazko arrazoia aurkitzen duzunean ematen zaio. Zerbait egin edo lortzeko arrazoia daukazunean azaltzen dira hori aurrera eramateko modua eta baliabideak.

Orain da zure garaia, eta programaren azken zatia horretara bideratuta dago:

3.MARTXAN JARRI: planifikatu eta jardun.

Aurreko bi pausuetan ikusi eta ikasi dugunarekin, hurrengo pausua plan bat betetzea izango da, bere atalak eta horiek lortzeko pausoak, datak, beharrak zein izango diren zehaztuz. Batzuetan pertsonala izango da plana, hau da, autoezagutza, jarrera baikorra izatea, lidergoa ateratzea, ilusioa berpiztea, bikotea edo seme alabekin harremana hobetzea, zure inguruan hobeto manejatzen ikastea, eta abar. Bestetan aldiz, plana profesionala izan daiteke. Besteak beste, erlazioak kudeatzeko erramintak hobetu, lan postu hobeago bat lortu edo karguz aldatu, ikasketen bidea zehaztu, lekuz aldatu, asertibitatez jokatu edota intseguritateak gainditu.

Ikus daitekeen bezala, bakoitzak bere kezka eta blokeo propioak izaten ditu, eta bakoitzak aurkitu behar ditu bere konponbide propioak. Nik erramintak erakutsi, eta motorrak nola funtzionatzen duen azal dezaket, baina gainontzekoa norberaren lana da. Eta gozotasunez egin beharreko lana da gainera. Gozotasunez diot zure buruarekin, bihotzarekin eta ametsekin bat egiten duzunean konturatzen zarelako zure burua maitatzen eta zaintzen ari zarela. Hau da, ohartzen zara mundu honetan dagoen helburu nagusiena betetzen ari zarela: bizitzea eta bizitzaz gozatzea.

Bide liluragarri hori egitera animatzen bazara, badakizu non nagoen.

Ondo izan.

 

KENDU AL DEZAKET NIRE MOZORROA?

Kanpoaldera azaltzen duzuna eta barruan duzun pertsona berdinak al dira, edo mozorrotu egiten zara? Gaztetako ametsak eta borrokatu zenituen gauzak bete al dira? Ez ote zaizu ahaztu benetan zein zaren eta zer duzun gogoko? Ilusioa pizten dizuten gauzak zure egunerokotasunaren parte al dira? Zeren zain zaude? Noiz arte egongo zara mozorroa jantzita?

Badira bi galdera oso erabilgarriak direnak guzti hori argitzeko, eta zalantzan gauden bakoitzean lagungarri izan daitezkeenak: Nahi dut? Edo… egin behar dut?

Argi dago bizitzan zehar ezin dugula nahi dugun guztia egin momentu oro. Izan ere, konpromezuak, ardurak eta egin beharrak gure bizitzaren parte dira. Horietako asko guk geuk aukeratu eta erabakitakoak dira, baina, zenbat pisatzen du motxila horrek?

Jaiotzen garenean gure disko gogorra hutsik egoten da, garbi-garbia. Eta momentu horretatik aurrera inguruko guztiak intentzio hoberenarekin gure disko gogorra betetzen hasten dira, ondo eta gaizki dagoena gure barnean ondo finka dadin. Muga horietan oinarrituz jokatzen badugu txalotu egiten gaituzte, eta muga horietatik kanpo modu ezberdin batean jokatzen badugu aldiz bide okerretik goazela esango digute. Eta horrela, gune “ondo eta gaizki” sinesmena barneratzen dugu.

Jaio ondoren ondo lo egin, ondo jan, ikastolan zintzoa izan, nota onak izan, kirola egin eta kirol talde batean egon, lagunak izan, maitemindu, ezkondu, hipoteka bat sinatu, seme alabak izan, lana egin, gurasoak zaindu, zahartu, ilobak zaindu, gehiago zahartu, lata gutxi eman eta bake bakean hilez gero, guregandik espero dena egingo dugu. Hau da, gizarteak jarritako mozorroa eta eman digun papera ongi beteko dugu. Baina askotan hori guztia bete arren ez gara gustura egoten, tristura daukagu barnean eta horrela pasatzen zaigu bizitza, zirrararik sentitu gabe. Guztiok dauzkagu gure helburuak, ametsak, bide berriak ezagutu eta bizitzeko beharra, baina horren aurrean gizarteak segituan seinalatzen gaitu eta azkar esaten digute ez goazela bide zuzenetik.

“Zure aldaketak besteengan ere aldaketak sortzen ditu eta jendeari ez zaizkio aldaketak gustatzen”

Guztiok janzten dugu egunero mozorro bat bizitzari aurre egiteko. Guraso zintzoaren mozorroa, langile arduratsuaren mozorroa, pertsona zentzudunaren mozorroa eta beste hainbat mozorro, baina gure barruan benetako pertsona bat dagoela ahazten dugu, ametsak dituen pertsona bat, ilusioak dituena eta gauzak beste era egiteko gogoa daukana… Askotan mozorro horrek pisu handiegia dauka guretzat, eta hala ere berdin jarraitzen dugu gure egunerokotasunean bueltaka, aurrera goazela pentsatuz, baina leku berdinean bueltaka ibiltzen gara, egunero gauza berdinak eginez. Gutxi batzuk aldiz, geratu eta barrura begiratzen dute, beren barruko pertsona txiki horri entzuteko ausardia izaten dute, eta benetan bizitu ahi duten bizitzaz hausnartzen dute, egunero daramaten mozorro hori zalantzan jarriz.

Laguntzaile pertsonalak badakigu eta oso argi daukagu norberaren barruan daudela erantzun guzti horiek, eta norberak badakiela zer duen gogoko eta zer egiten zaion astunegia egunerokotasunean.

Zertarako balio du ingurukoekin ondo egoteak gure barrua triste badago?

Askotan harrituta geratzen naiz nire inguruko jendearekin hitz egiten dudanean eta konturatzen naizenean horietako bakoitzaren barnean zenbat amets, zenbat ilusio eta zenbat gaitasun dauden ezkutatuta, ateratzeko beldurrez, gainontzekoek esango ote dutenaren beldur. Baina askotan lehertzear zauden egun bat iristen da, eta hori guztia kanporatzeko beharra sentitzen duzu.

Horren aurrean gure beldurrei, lotsei, gezurrei eta gabeziei aurre egin behar diegu eta ez da erraza. Askok momentu horretan damututa lehengo bidetik jarraitzen dute, beren ametsak eta ilusioak berriro ere alde batera utzita, beren burua engainatuz eta dauzkaten hutsuneak erosketekin, telebistarekin, janariarekin edo gizarteak eskainitako beste edozein narkotikorekin bete nahiez. Beste askok lana hartzen dute beren bizitzako erronka moduan eta hor igarotzen dituzte eguneko ordu guztiak mundu honetara lanera etorri balira bezala. Hori guztia norberaren barrura ez begiratzearen edo begiratzeko beldurraren ondorioa da.

Baina badira ere barnekoari entzun, hausnartu, norabidea aldatu eta benetan jarraitu nahi duten bidea hartzeko ausardia izan duten pertsonak. Erabaki hori hartu dugunok azkenean jarrera hori hartzen dugu filosofia moduan, eta konturatzen gara egunero ikasi daitekeela eta ikasi nahi dugula zerbait, gure bizitzaren inguruan hausnartu nahi dugula eta gauzak zalantzan jarri nahi ditugula, gure zoriontasunarentzat mesedegarri izan daitezkeen gauza berriak probatuz.  Orduan konturatzen gara Sokratesek zioena egia borobila dela:

Dakidan bakarra da ez dakidala ezer”.

Momentu horretatik aurrera hasten gara gure muina bilatzen. Konturatzen gara ahaztuta genuela zein garen eta zer daukagun gogoko, eta batez ere, konturatzen gara zoriontasuna ez dela borrokatu ondoren iritsiko garen lekua, baizik eta bidea bera dela zoriontasuna. Horrela bizitzarekin dantzatzen ikasten dugu, eta ohartzen gara gure esku dagoela egoera bakoitzaren aurrean hartzen dugun jarrera. Haserre edo triste gaudenean gure egoa da jarrera horren arduradun, gure egoa da borrokan dabilena. Gure egoa izaten da egoera baten aurrean “horrek ez luke horrela izan behar” esaten duena, baina onartu behar dugu egoera den bezalakoa dela eta guk ikasi behar dugula egoera ezberdinekin dantzak ibili eta aurrera egiten.

“Ez dugu mundua den bezala ikusten, baizik eta gu garen bezala”

Beraz, orain duzu aukera konturatzeko zu zeu zein zaren eta zein den zure mozorroa, hainbeste denboran zehar jantzi duzuna eta egokitzen joan zaren mozorro hori. Orain duzu aukera erabakitzeko mozorro hori pisutsuegia ote den edo zerbait kendu nahi ote duzun, eta barruan daukazun pertsona horri utzi nahi ote diozun erabakitzen nola jantzita joan nahi duen hemendik aurrera. Beti esaten dudan bezala:  “Sinplea. Ez erraza, baina bi sinplea.”

Hemen dituzu hainbat gomendio:

LIBURUA: “ENCANTADO DE CONOCERME” (Borja Vilaseca)

PELIKULA: “COME, REZA Y AMA”

ABESTIA: “DESEOS DE COSAS IMPOSIBLES” (La Oreja de Van Gogh)

LAGUNTZAILE PERTSONALA ZERTARAKO?

Askotan galdetzen didate eta nik ere galdetzen diot nire buruari laguntzaile pertsonal bat zertarako ote den, zer abantaila izango ote dituen. Hori mahai gainean jarri ondoren, lehenengo pentsamendua zera izaten da: laguntzailerik hoberena norbera da, dudarik gabe. Nork jakingo du norbere buruaz gehien? Norberak. Baina askotan ez dugu gure buruarekin zintzo jokatzen edo baldintzatuta egoten gara gure sinesmen, inguru edo egoerarekin.

Laguntzeko baliagarriak suerta daitezkeen hainbat tresna ere baditugu: inguruko lagunak, familia, tailerrak, ikastaroak, aldizkariak, liburuak, bideoak… Material asko dago gaur egun, beraz laguntza aproposa non lortu badago gure inguruan. Hala ere, bilaketa lan sakona egin behar da, eta ondoren zehaztasun handia behar da jasotako informazio guztia sailkatu eta egokia zein den hautatzeko.

Ondorioz, batzuetan kanpoko laguntza apur bat ondo etortzen da gure arazoak, ideiak, asmoak, ametsak eta helburuak ordenatzeko. Baita egiazkoak diren edo ez zehazteko ere, eta batez ere gure buruari galdera zintzoak egiteko. Galdera zintzoetatik aterako baitira erantzun zuzenak. Eta azken batean hori da gure helburua, ezta?

Guzti horrek zer abantaila dauzka edo zer lor dezakezu? Besteak beste, zure buruan bueltaka dabilena azaltzea, beste ikuspuntu edo iritzia jasotzea, zure sinesmen mugatzaileak identifikatu eta ezabatzeko aukera izatea, zure sentimendu eta emozioak modu egokian kudeatu eta zure alde jartzea, eta abar. Horren ondoren, pentsamendu desberdin eta argiagoekin, sentimendu eta emozioak ere argiagoak izango dira. Ondorioz, jorratuko dituzun ekintzak zuzenagoak eta zehatzagoak izango dira, eta emaitzak ere lehenago iritsiko dira. Horrela, lortu nahi duzun helburura eramango zaituen bidea ere argituko da. Erantzuna zure barruan dago, erantzun hori zein den ezagutzeko bidea ere zuk daukazu eta zein bide hartu erabakitzea zure lana da.

Liburu honetan nire esperientzia kontatuko dizut, pertsonekin, taldeekin eta enpresekin ikasi dudana, nire eta beraien helburuak lortzeko erabilitako erramintak, prozesuak eta galderak azalduko ditut, horrela zure prozesua ere erraztu daitekeelakoan.

Nik nire prozesua egin behar izan dut eta oraindik ere bide horretan nabil. Nire ustez bizitza osoko lana da norberak bere burua ezagutu eta egin beharreko aldaketa txikiak egiten joatea, jarraitu nahi dugun norabidea zehaztuz. Eta zer ikasi dut ibilbide horretan zehar? Zoriontasuneko bidean egoteko maitasunez bizi behar dela, esker onekoa izateak bakea ematen duela, helburuak lortzeko pertsona desberdin batean bihurtu behar dela eta guzti hori norberaren esku dagoela. Zu eta zure jarrera bakarrik falta dira zure amestutako bizitza hori izateko. Ez da beharrezkoa inork zer egin behar dugun esatea, guk geuk nor garen ezagutzea besterik ez da behar, nahikoa da horrekin. Batzuk minutu bakar bat behar dute horretaz konturatzeko, beste batzuk bizitza osoa behar izaten dute, eta beste batzuk berriz 10 bizitza izanda ere ez lirateke konturatuko. Norberaren esku dago konturatu nahi izatea edo ez.

Nire lanean Coaching erramintak erabiltzea gustatzen zait, eta liburu honetan ere hala egin dut. PNL filosofia eta adimen emozionala aplikatzea ere gustuko dut, eta batez ere sena, sen ona (gaztelaniaz “sentido común” litzatekeena). Sen ona topatzen dugunean zailtasun asko konpontzen dira. Ez arazoa konpontzen dugulako, baizik eta arazoak berez garrantzia galtzen duelako. Horretan oinarritzen da PNL filosofia: “arazoa ez da arazoa, arazoa da nik nola ikusten edo bizitzen dudan arazoa”.

Askotan, behin eta berriz pareta beraren aurka jotzen aritzea saihesteko garrantzitsuena ikuspuntua eta ikusteko betaurrekoak aldatzea izaten da. Hau da, bizitzan daramagun karga samurtzea lortu behar da, ez etengabe karga gehiago sartzea. Azkenean, gure burua ezagutzea, guretzat egokiena zer den jakitea eta indarrak ondo sailkatzea da gure helburuak lortu eta bizitza atsegina izateko behar duguna.

Liburua 3 zatitan banatzea erabaki dut. Uste dut prozesu egokia dela aurrera pauso txikiekin bidea egiteko.

  1. Lehenengo zatia BARRURA BEGIRA da, eta bertan begirada bat emango diogu arreta osoz barnean daukagunari. Zati horri esnatzea deitzen diot. Horren bidez nor garen konturatuko gara, zer eta nola sentitzen dugun eta zein den gure egoera. Horretan oinarrituz egin beharreko hurrengo pausoak argitasunez hautatzeko aukera izango dugu.
  2. Bigarren zatia ZURE ALTXORRA EZAGUTU da, eta beste bi zatitan erdibituta dago. Lehenengoa kontzeptuak ezagutzean datza, hau da, gure burua mugatu eta indartzen duten baldintza garrantzitsuak ezagutu eta erabili ahal izateko. Bigarrena baliabideetan oinarritzen da, eta aurretik ezagututako kontzeptuak gure alde jartzeko erramintak dira.
  3. Hirugarren zatia ORAIN DA ZURE GARAIA da, martxan jartzeko zatia hain zuzen ere. Barrura begiratu, gure gaitasunak ezagutu eta hobetzeko arloak landu ondoren, gure helburuen bila joateko plana finkatu eta martxan jartzeko garaia da. Azken zati horrek ere bi pausu nagusi dauzka. Alde batetik, planifikatu. Zati honen oinarria non gauden eta nora joan nahi dugun argi izatea da, eman beharreko pausuak zehaztea eta noiz eta nola emango ditudan finkatzea. Bestetik, jardun. Zerbait lortu nahi badugu ezinbestekoa da martxan jartzea, egunerokotasuneko errutina edo erosotasunetik irten eta gauza berriak egiten hastea. Kasu honetan, aurretik planifikatutakoa betetzen hastea izango da helburua, nahi dugun horretara heltzeko. Pausu oso garrantzitsua da azken hori, eta pertsona asko dira gai izaten ez direnak. Askotan aipatzen dudan bezala, igeri egiten ikasteko uretara salto egin beharra dago. Teknika ikastea, ezagutzea eta gaiari buruz irakurtzea oso ondo dago, baina uretan sartzea ezinbestekoa da. Bizitzan ere gure helburuak lortzeko salto egin eta arriskatu beharra dago. Gauden lekutik atera eta bizitza berri bat sortu, baina ez kezkatu, ez beldurtu oraindik. Hemen izango dituzu beharrezko erramintak, azkenean salto hori konfiantza osoz egiteko.

Kapitulu bakoitzaren bukaeran ariketa edo galderaren bat jartzea erabaki dut irakurketa hausnarketa moduan erabiltzeko. Azkenean, irakurtzen goazen heinean, gure burua aztertu eta lanean joateko. Aldaketa zure barnean sortutakoa izango da, hau da,  zuk ikusitakoa, zuk ezagututakoa, zuk zeuk erabakitakoa. Ziur kanpotik ere aldaketa horiek antzemango direla, baina aldaketa nagusia zure barruan gertatuko da. Zuk zeuk zure buruarekin izango duzu aldaketa.

Badakit, kontziente naiz batzuetan harrigarria dirudiela diodanak. Badakit pertsona asko daudela guzti honetan sinesten ez dutenak. Ez nau harritzen, eta ez ditut kritikatzen, izan ere, ni ere horrelakoa nintzen nire aldaketa pertsonala egin arte eta emaitzak ikusi arte. Geroztik nirekin lan egin duten pertsona askotan ikusi dut aldaketa berdina, asko ikusi ditut leku ilun batetik atera eta leku atsegin batera bidea egiten. Konfiantza izatea bakarrik eskatzen dizut, zure burua eta bihotza irekita edukitzea aldaketa horiek antzemateko.

Uste dut pertsonak ezagutzen hasia naizela azken urteetan eta ziur naiz pertsona bakoitzaren barruan gaitasunez betetako izar dirdiratsu bat dagoela. Baita zure barruan ere. Ni ziur naiz, eta zu? Laguntzarik behar izanez gero, hemen egongo naiz zure zain.

Ondo izan.

 

 

ZURE BIZITZA ALDATZEKO 25 GALDERA

 

Galdera onek beti dakartzate erantzun onak. Artikulu honetan galdera batzuk sailkatu ditut, arretaz barrura begiratu, ikusi, entzun eta bizitzan denok jakin beharko genituzkeen erantzunak topatzeko. Zer nahi dut benetan?

Pertsonekin urte asko lanean pasa ondoren badakit muga guztiak norbere barruan daudela eta gure hazkuntza muga horietaraino iritxiko dela gehienez, inoiz ez muga horietatik haratago. Baina berri on bat daukat zuretzat. Muga horiek norberak jartzen ditu, beraz, norberak aldatu ditzake eta ikusmira zabaldu. Mugak gaindituz gero zure hazkuntza ere proportzionalki handituko da. Horretarako zu eroso zauden leku horretatik atera eta zure hazkuntza lekura mugitu beharko duzu. Gaur zarena utzi eta pertsona berri bat izan beharko duzu. Prest al zaude?

Hemen jarri dizkizudan galderekin zure sinesmenak alde batera utzi eta ikuspuntu berri batekin begiratu beharko duzu zure barrura. Zure buruak eta bihotzak emango dizkizute erantzunak. Ahaztu kanpoko baldintzak: zer esango dute? Ni ez naiz horretarako jaioa? ez dut balio? zaharregia edo gazteegia naiz? ez naiz uste bezain ona? Entzun bihotzari, entzun arimari, entzun zure gorputzeko seinaleei eta benetan zure ametsak topatzean, agian zu berri bat ezagutuko duzu. Galderei erantzun ondoren energia gehiago izango duzu, gogo gehiago, zure norabidea askoz ere argiagoa izango da, zehatzagoa. Zu izango zara zure buruarekin egongo dena bizitza guztian, zurekin baino gehiago ez duzu inorekin hitz egingo, baina entzuten al diozu zure buruari? Eta zure bihotzari? Ba al dakizu momentu oro zer esaten edo adierazten dizuten?

Erantzuteko garaian gauza bat eskatu nahiko nizuke. Badakit, probatuta daukat eskatuko dizudan hau dela egiazko aurrera pausoa egiteko baldintzetako bat. Erantzuna izan dadila zure barruan dagoen ideietatik sortua, eta ez zure sinesmen mugatzaileak erantzun zuzena dela esaten dizuna. Zure erantzunak izango dira, zuretzat bakarrik, inori ez dizkiozu erakutsi beharko, beraz, ez egin tranparik zure buruari. Mundu guztia engaina dezakezu, baina ez zure burua. Batzuetan erantzunak beldurra ematen digu, badakit zer esaten didan barruak baina hori lortzeko bidea ezin dut ikusi eta nire erantzuna aldatzen dut. Oraingoan eskatuko dizudana da muga hori alde batera uztea, eta zure lehen erantzuna idaztea. Ez badakizu horra iristeko bidea lasai, normala da, hori beste lan bat da, baina nora joan nahiko zenukeen jakitea da garrantzitsuena. Bidea eta baliabideak gero agertuko dira.

Zu prest bazaude ni ere prest nago galdera hauek egiteko. Seguru nago galderen ondoren beste pertsona bat izango zarela, beste ikuspuntu batekin, askoz ere argiagoa, energia gehiagorekin. Hasiko gara? Hementxe doaz galderak:

  • Zer da ezinezkoa dirudiena nire bizitzan, baina egia bihurtuko balitz dena aldatuko lukeena?
  • Zer da oso garrantzitsua niretzat?
  • Zer egingo nuke gaizki ateratzeko edo huts egiteko beldurrik ez banu?
  • Zer da benetan nahi dudana eta zer egingo dut horrekin?
  • Zer egingo nuke gustura emaitza ziurtatuta balego?
  • Zerk emango lioke zentzua nire bizitzari?
  • Zer botatzen dut faltan nire bizitzan?
  • Zer egingo nuke gustura nire bizitza osoan?
  • Zer hasi, zer jarraitu eta zer bukatu nahi dut?
  • Nolakoa litzateke nire ametsetako bizitza?
  • Zein jarrera aldatu nahi ditut ni berri bat izateko?
  • Zer da gehien gustatzen zaidana, eta non edo zertan sentitzen naiz ondo nire buruarekin?
  • Nola sinplifika dezaket nire bizitza?
  • Zein da nire bizitzako ametsik garrantzitsuena?
  • Zein dira nire gaitasunak eta trebeziak?
  • Ze irabazi eta galduko nuke amets horiek lortuz gero?
  • Prest al nago nire ametsen eta barruak esaten didanaren bila joateko?
  • Ez banu diru arazorik, zer egingo nuke?
  • Nolakoa da nire buruarekin daukadan erlazioa?
  • Nire ingurua laguntzailea edo mugatzailea da?
  • Zer hobetu beharko nuke?
  • Gaur hilko banitz, zein etorriko litzake nire hiletara eta zer esango lukete?
  • Zer egingo luke nik gehien miresten dudan pertsona horrek nire lekuan?
  • Nire lagun hoberena nire lekuan balego, zer gomendatuko nioke?
  • Zein izango da nire hurrengo pausoa?

Lan hau egin baduzu seguru nago beste ikuspuntu bat izango duzula zure burua eta bizitzaz. Baita zure ametsak, helburuak eta eman beharreko pausoak argiago ikusiko dituzula ere. Orain zure esku dago. Zauden lekuan geratzen bazara, primeran, zure erabakia da. Aurrera pausoren bat egiten baduzu, oso ondo, asko ikasiko duzu eta zure autoestimua hobetuko duzu. Aldaketa nagusi edo garrantzitsuren bat egin behar baduzu, animo, baina poliki-poliki hasi, pausoz pauso, txikitan ibiltzen ikasi zenuen bezala.

Espero dut argitzen lagundu izana eta laguntzarik beharrez gero, badakizu non nagoen. Ondo izan.

 

 

 

 

 

 

Erraztu bizitza eta kendu bideko harriak

Zure buruari bidean harriak jartzen dizkion horietakoa al zara? Gaur ikusiko dugu nola jokatzen duzun zure buruarekin. Askotan argi izaten dugu zer komeni zaigun, nola izan nahi dugun, nora joan nahi dugun , zer jatea edo ez jatea komeni den, erre edo ez erre… horiek guztiak badakizkigun baina askotan betetzen ez ditugun gauzak dira, eta modu horretan guk geuk erasotzen diogu gure buruari. Zergatik ez dugu gure buruaren kontrola erraz eramaten egunerokotasunean? Zergatik jarraitzen dugu komeni ez zaigunarekin edo nahi ez dugunarekin?

Jakin behar dugun lehen gauza da gure barnean bi alde edo pertsona ezberdin daudela, bizitzarekiko bi pentsaera edo ikuspuntu dituztenak. Alde batetik, alde kontzientea dago, gure egiazko pertsona. Norberaren haur txikia balitz bezala gure barruan bizi eta bizitzaz gozatu nahi duena da, eta oso argi dauka zer gustatzen zaion eta zer ez, egunerokotasunean adierazten digu hori guztia gure poz edo tristurekin. Bestetik, berriz,  gure egoa dago, geroztik sortutakoa, txikitatik gure barnean hazten joan dena. Ingurukoek esan edo txalotu digutenarekin hornitu eta puzten joan dena. Egoa ez naiz ni, ez du benetan garena islatzen, baina gure barruan dago, eta gutako askok kasu gehiago egiten diogu honi egiazkoari baino.

Hainbat erabaki hartzen ditugu: erretzeari uztea,  gimnasiora joaten astea, hobeto jaten hastea kilo batzuk jaisteko, eta abar. Zure egiazko pertsonak oso argi dauka hori nahi duela eta komeni zaiola, baina segituan hasten gara kale egiten, gure barruan dagoen beste hori, egoa alegia, segituan hasten delako soinua egiten gure buru barnean, eta zera esaten digu: “zu kirola egitera itxura horrekin?”, “erretzeari utzi, zertarako? Gainera gutxiago erretzen dut orain eta ez nau inork ikusten”… Jateko arloan aguantatzen dugu pixka bat, baina lehendabiziko aukeran, edozein arrazoi txiki nahikoa izaten da gure egoak “zer arraio, merezi dut!” esan eta berriz ere lehengo ohituretara bueltatzeko.

Guzti hori dela eta, batzuetan etsi egiten dugu: “nik ezin dut, ezin izan dut inoiz, ez naiz gai izango!”. Hori sartzen zaigu buruan eta, egoarekin batera, aurrera jarraitzen dugu, barneko nahiari kasurik egin gabe. Beste batzuetan berriz, behin eta berriz saiatzen gara, urtarrilero, maiatzero, iraila hasiera bakoitzean. Askotan astelehenero, “Oraingoan bai!” esaten dugu, baina berriz ere frustrazioz bete eta lehengo lekuan geldirik geratzen gara. Edota oraindik ere okerrago, konturatzen gara ez garela gure buruaren jabe, eta ez garela gai aurrera eraman nahi ditugun gauzak betetzeko.

Azken batean, soluzioa gure buruak nola funtzionatzen duen jakitea besterik ez da eta gero gure egiazko pertsonarekin bat egin eta egoa onartzea. Gure buruak jokaera propio izango du ez badugu ezagutu eta guk kontrolatzen. Nik orain elefante batean ez pentsatzeko esaten badizut, zer gertatzen da? Elefante bat etorriko zaizula burura, ziur naiz. Buruak bere mekanismoak ditu, eta ezagutzen baditugu, errazago onartu eta lagunduko diogu gure egiazko pertsonari bizitza errazago eramaten.

Helburu txikiak edo handiak jartzen ditugunean, kontuan izan behar ditugu gure barruko bi pentsamolde horiek, gure ilusioak eta gure frenoak. Bi horiek kontutan izanda, errazago prestatuko genuke aurrera eraman nahi ditugun gauza horiek betetzeko plan bat.

Bizitza errazteko kontuan hartu beharreko bost ideia:

  1. Begiratu zure buruari beste ikuspuntu batekin eta onartu zaren bezalakoa zarela, utzi behingoz zure burua estutzeaz.
  2. Zerbait hasi behar duzunean idatzi eta jarri argi zer egin nahi duzun, zein diren pausoak. Eta betetzen ez duzunean zer egingo duzun berriz bide onera itzultzeko. Zure burua maitatu eta baloratuz, beti.
  3. Egin gauza berriak, ez jarraitu beti egin dituzun eta emaitza txarrak eman dizkizuten horiekin.
  4. Kontutan izan zure bi pentsamoldeak eta entzun biei arretaz plana egiteko orduan. Biek dute zer irakatsi, eta bien lagun egiten bazara azkarrago egingo duzu aurrera.
  5. Hartu denbora zure burua ezagutzeko eta onartu behin eta berriz nahastuko zarela, bizitza horrelakoa da eta guztioi gertatzen zaigu. Eta gozatu, zure burua estutu eta kritikatu gabe.

Bukatzeko, gai garrantzitsu bat. Hasieran esan dudan bezala, gure barruko egiazko pertsona norberaren haur txikia da eta haur txiki guztiei bezala oparitxoak eta mimoak gustatzen zaizkio, baita zureari ere. Jarri opari txiki batzuk zure bidean eta helburu txikiak betetzean eman oparitxoa zure buruari,  sentitu barruko haur txikia nola pozten den.

Beti esaten dudan bezala: “Sinplea. Erraza ez, baina bai sinplea.”

Gabonetako bazkari eta afariak hobeto kudeatzeko ideia batzuk

Badatoz gabonak eta beraiekin batera gabonetako bazkari, afari eta konpromezu guztiak. Kaleak, etxeak eta dendak kolorez eta apaingarriz jantzita daude aspaldian. Mahaiak guztitz beteta eta bazter guztiak janari eta edariz  gainezka, bizitza bertan bukatuko balitz bezala. Egun horietan emozioak ere pil-pilean egoten dira eta urteko beste egunetan baino ageriago azaltzen gara gure ingurukoen aurrean. Horren erantzule dira oroimenak, tristurak, ahaztu ezin diren istorioak, eta beste hainbat sentipen.

Jende askok gogo eta ilusio handiz bizitzen ditu gabon-festa horiek. Baina badira ere egunak azkar pasatzea gustatuko litzaiekeen beste hainbat. Baita egun zehatzen bat ospatzea gustuko dutenak, baina gainontzeko egun guztiak soberan dituztenak ere. Adibidez, San Tomas eguna ospatu eta hurrengo eguna urtarrilaren zazpia izatea gustatuko litzaiekeenak, normaltasunera itzultzeko. Zuk nola bizitzen dituzu jaiegun horiek?

Inguru guztia mozorrotuta eta apaingarriz beteta ikusi arren, zu zeu ez mozorrotzea da egokiena, barrutik behintzat. Hausnarketa egiteko momentu egokia da, hain zuzen ere kontziente izateko nola bizitzen dituzun egoera bereziak eta urte berrian zehar nola bizi nahiko zenituzkeen. Modu horretan, baliteke konturatzea zure emozioen jabe zarela, ikustea muga non jarri beharko zenukeen, eta guzti hori jaiegun horiek ere hobeto kudeatzeko baliagarri izatea.

Gabon-festen oinarrian maitasuna, benetako laguntasuna eta gertutasuna daude. Baina sentimendu horiek azaltzeko zailtasunak izaten ditugu. Beraz, momentu egokia da baita ere gure buruarekin zintzoak izateko, dauzkagun zailtasun horiek onartzeko eta kostata ere nahi dugun hori aurrera eramateko. Izan ere, askotan entzuten dira eta guztiok erabiltzen ditugu ondorengo esaldi hauek: “gurasoengatik egiten dut”, seme-alabengatik egiten dut”, “beste aukerarik ez dudalako egiten dut”, “gainontzeko guztiek egiten dutelako egiten dut”, “ez badut hori egiten, zer esango ote dute”, eta abar. Esaldi guzti horiek ez dira zuzenak, ez dira zintzoak, ez dira pertsona heldu baten erantzun jatorrak. Bada garaia norberaren buru eta bihotzarekin zintzo izateko.

Zer egin dezakezu orduan? Zure esku dago konpromezuetara joatea edo ez joatea erabakitzea. Joatea erabakitzen baduzu, daukazun hoberena eman aitzakia guztiak alde batera utzita. Zure erabakia izan da, ez beste inorena, beraz, goza ezazu eta gainontzekoek ere goza dezatela zurekin. Ez joatea erabakitzen baduzu aldiz, txalotu zure burua. Ziur ez dela erabaki erraza izan, eta zaila izan arren zure buruari zintzotasunez jarraitzea erabaki duzu, eta horrek meritu handia dauka.

Askotan haur txikiak bagina bezala besteen erabakiez baliatzen gara gure bizia kontrolatzen ez dugula sinesteko. Uste dugu besteen errua dela gu zoriontsuak ez izatea, eta azaldu dudan bezala, zure esku daukazu erabakia orain ere, eta ondorioei heldutasunez aurre egitea. Bestela, aitzakia bat besterik ez da izango, heldutasunez jokatzeko ausardiarik ez duzula adieraziko duena.

Bazkari, afari edo konpromezu horietara joatea erabaki baduzu hemen dituzu ideia batzuk:

  1. Aurreiritzirik gabe joan. Aurreiritziak zianuro tragoxka bat bezalakoak dira: zuk zeuk hartu eta zure buruari kalte egiten diote. “Nire koinata harroputza da”, “nire ilobak okerrenak dira”, “nire bikotea txoratu egiten da horrelakoetan”,… Onartu beharra dago norberak ahal duen hoberen kudeatzen duela bere bizitza, zuk zeuk egiten duzun moduan, eta eskubide osoa dute diren bezalakoak izateko. Zuk daukazun hoberena eman, ezer espero gabe.
  2. Enpatia azaldu. Ahaztu zure buruaz momentu batez eta jarri besteen azalean. Entzun, begiratu eta saiatu ulertzen aurrean duzun horrek nola sentitu eta bizitzen duen egoera. Ez daukazu inori arrazoia eman beharrik ez baduzu hala dela uste, baina ulertzen saiatu behar da gainontzekoen egoera kudeatzeko esfortzua. Distantzia apur bat mantentzeko gai bazara, konturatuko zara zure aurrean dagoen hori esfortzu bat egiten ari dela bere postura edo ikuspuntua defendatzeko, eta maitasunez entzuten baduzu ziur bera ere bigunduko dela, eta erdibide batera iritsiko zaretela. Gai zara zure egoera kudeatzeko eta gainontzekoak maitasunez entzuteko. Maitasunez… beldurra eman du hitz horrek, ezta?
  3. Zure hitzak eta hitz egiteko modua dira zure heldutasunaren seinale. Aurreko pausoak egiteko gai izan bazara, konturatuko zara beste lasaitasun batekin daramazula egoera, ez duzula arrazoiaren jabe izan behar, ez duzula gainontzekoen inoren gainetik egon beharrik, eta errespetatzen duzula gainontzekoen izaera. Momentu horretan zure pentsaera lasaitasunez azaltzeko gai izango zara, inor konbentzitzeko beharrik gabe. Zure ikuspuntua azaldu ahal izango duzu, lasaitasunez eta tonu egokian, inor atakatu gabe. Zure buruaren eta emozioen jabe zaren seinale izango da guzti hori, zure buruarekin bakean eta harro egongo zara, eta ez duzu beharko gainontzekoek arrazoirik ematerik.

Zer egin dezaket momentu zailetan egoera hobeto kudeatzeko?

  1. Komunera bisita. Konturatzen banaiz bide egokitik ateratzeko arriskuan nagoela, ingurua eta konbertsazioak ni menderatzen hasi direla eta ez dudala bide horretatik jarraitu nahi, komunera bisitatxo bat egitea aproposa izaten da. Arnasa hartu, ispilura begiratu eta zure EGOarekin hitz egin: ez naiz zure jokoan sartuko, ez naiz nire bidetik aterako, gai naiz nire egoera kudeatzeko, gaur inoiz baino gehiago maite dut nire burua eta ez naiz nire EGOaren menpe egongo. Nire barruaren kontrola errekuperatu dudanean, berriz ere prest nago itzultzeko.
  2. Hitzekin jolastu. Egoera aldatu hitz barregarri batekin, istorio batekin, txiste labur batekin… ezinegon egoera hautsi, momentua kudeatu eta berriz ere lasaitasunera itzuli.

Ziur naiz gai zarela festak, egoerak eta liskarrak ongi kudeatzeko. Zure konpromezua bakarrik falta da. Konturatu ez duzula zure EGOaren menpe egon nahi, gai zarela zuk izan nahi duzun bezalakoa izateko. Jarri martxan hemen azaldutako ideiak, edo zuretzako baliagarriak izango diren beste batzuk. Gogoratu erabakiak zure esku daudela, eta zu zarela erabaki horien erantzule, zuk egin beharko diezula aurre ondorioei aitzakiak alde batera utzita.

Gozatu gabon-festak, gozatu zure buruarekin eta gozatu ingurukoekin.

Besarkada bero bat.

 

 

 

 

DOAKO 5 IDEIA KRISI GARAIAN OPARITZEKO

Askotan zerbait oparitu nahi izaten diogu lagun, familiar edo ezagun bati eta ez dakigu zer egin. Normalean denda handi horietako batera joaten gara, buelta ugari eman, denbora pila bat igaro, eta azkenean zerbait hartzen dugu (askotan gehiegi ordainduta). Ondoren, pertsona horrengana joaten gara oparia baloratuko duen esperantzarekin.

Gaurkoan, arlo honetan pixka bat laguntzeko asmoz hainbat ideia plazaratuko dizkizuet, baliagarriak izango direlakoan. Hain zuzen ere, doako opari batzuk aurkeztuko dizkizuet. Krisi garairako opariak direla idatzi dut ez direlako dirua balio duten opariak. Ez da egia izango! Ba, bai, egia da. Nire bazkide eta lagun @ikerhacedor-ek dion bezala: “erotu gara!”. Ziur naiz jasoko dituen pertsonari izugarri gustatuko zaizkiola, eta ez dituela nolanahi ahaztuko. Izan ere, nahiz eta doakoak izan, balio izugarria duten opariak dira. Baina, oparia egin behar duena (zu, alegia) gai izango ote da mota honetako opariak eskaintzeko?

 Hemen dituzue ideiak:

  1. EGIAZKO BESARKADA BAT

Bai, besarkada bat. Baina ez 2 segundoko horietakoa, ezta norbait agurtzeko erabiltzen den horietakoa ere. Ez, benetako besarkadez ari naiz. Abisatu ondoren ematen den horietakoa: “ama, besarkada bat emango dizut, merezi duzu eta”. Bihotzetik ateratzen den horietako bat. Inoiz jaso ahal duzue horrelako besarkadarik? Nola sentiarazi izan zaituzte? Opari bat da edo ez? Ba denbora galtzen ari zara dagoeneko. Ziur inguruko norbaitek horrelako besarkada bat merezi duela. Irribarre urduririk gabe, txiste eginez eman gabe, baizik eta benetako besarkada bat.

  1. ARRATSALDE BAT

Arratsalde bat? Bai, arratsalde bat. Zer gustatzen zaio zure emazte, seme, aita, lagun edota andregaiari? Oparitu iezaiozu arratsalde bat berari gehien gustatzen zaion horretan. Berarentzako, berarekin. Ba al dago opari hoberik?

Beti gogoratzen dut mutiko baten istorioa. Mutiko hark aita ospetsu bat zuen, mediku ospetsua hain zuzen. Hain ospetsua zen beti gaixoekin kontsultan edo konferentziak ematen aritzen zela munduan zehar eta familiarekin egoteko denborarik ez zuen izaten. Egun batean bere semeak zera galdetu zion: “aita, zenbat kobratzen duzu bi orduko kontsulta batengatik?” Eta aitak 400 euro kobratzen zituela erantzun zion. Denbora baten ostean, semeak 400 euro aurreztea lortu zuenean, dirua hartu eta aitarengana joan zen bi orduko kontsulta baten eske.

Maite zaituen pertsonak ez du zure dirua edo zure titulurik nahi. Zu nahi zaitu, eta zu pertsona bezala berarekin egotea da oparirik hoberena, denbora oparitzea. Hitz egin, entzun, bere bizitzaz galdetu, kezkak elkarbanatu, elkarrekin barre egin, eta abar. Pertsona bati arratsalde bat oparitu eta seguru ez duela nolanahi ahaztuko.

  1. ESKUTITZ BAT

Lehengo garaietan bezala. Ordenagailurik gabe, Whatsapp gabe, Facebook eta Twitter alde batera utzita. Hartu momentu goxo bat, gehien gustatzen zaizun boligrafoa, leku atsegin bat eta konektatu zure barruarekin, zure bihotzarekin eta idatzi. Konta iezaiozu pertsona horri zenbat baloratzen duzun, zenbat lagundu dizun eta berarekin igarotako zenbat une berezi dauzkazun gogoan. Gogorarazi zenbat balio duen eta zergatik den zuretzako hain garrantzitsua. Seguru izugarri gustatuko zaiola oparia, baina ausartzen al zara?

  1. BARKAMENA

Egiazko barkamena, aitzakiarik gabekoa. Bihotzetik ateratzen den barkamena, begietara begiratuz patekatzen dena. Ziurrenik guztiok daukagu inguruan gure barkamena merezi duen norbait. Beraz, aukera ona da beregana hurbildu eta bihotzez zera esateko, adibidez: “Zerbait esan diezazuket? Denbora daramat honi bueltak emanez, eta ohartu naiz barkamena eskatu behar dizudala biok dakigun horregatik”. Ole, ole eta ole! Hori egiteko gai bazara, munduko pertsonarik handiena zara. Izan ere, ez digute barkamena eskatzen irakasten, eta aitzakien atzean ezkutatzen pasatzen dugu bizitza guztia, biktima bihurtu eta gure errespontsabilitateei uko eginez. Oparitu barkamena eta ez du oparia inoiz ere ahaztuko.

  1. ESKER ONA

Egun bat aukeratu, zure buruarekin ados jarri eta atera kalera esker ona banatzera: irribarre bat, kaixo, egun on, mila esker, zer moduz doakizu, lagundu al dezaket, mesedez, gero arte… Zenbat aldiz joaten gara kaletik inguruan gertatzen denaz ohartu gabe? Badirudi panpinak garela, guk ezin dugula kontrolatu edo baldintzatu inguruan gertatzen den guzti hori. Horren aurrean jarrera aldatu, geldotasuna alde batera utzi eta gainontzekoei esker ona eskaini diezakegu.

Gogoratu Kalkutako Teresak zioena: “Ez dadila inor zure ondotik joan ezer onik jaso gabe edota etorri zenean baino zoriontsuago izan gabe”. Zure esku dago hori betetzea, ez dago beste inoren esku. Are gehiago, menpekotasuna sortzen du, izan ere, ematen duena da gehien jasotzen duena. Beraz, esker ona eskaintzen duzunean zure barnea ere esker onez, pozez eta harrotasunez beteta egongo da.

 

Hemen idatzi dudan guztia sinplea da. Sinplea, baina ez erraza. Badakit esfortzu pertsonala egin behar dela opari hauek egiteko. Barrura begiratu eta indarrez betetzea beharrezkoa da besteari gure hoberena emateko. Ez da erraza umiltasunez bihotza irekitzea, emozioak ondo kudeatzea, barruak zer dion entzutea eta guzti hori eskuzabaltasunez agertzea.

Horrelakoetan gure egoak oihu egiten digu: “geldirik! ez mugitu!”. Askotan esan ohi dudan bezala, ZURE ESKU DAGO. Zure esku dago egoak dion hori gainditu, ausarta izan eta inguruko pertsona horiei hain opari bereziak egitea. Hala ere, gure tailerretan asko errepikatzen dugun beste gauza bat ondorengoa da: guzti hori entzun eta artikulu hau irakurri eta gero ere ez bazara opari hauetakoren bat egiteko gai, zure barnean begiratu beharra daukazu. Zergatik ez naiz ausartzen? Zergatik ez naiz gai? Kontuan izan ez dela berdina opari horiek “ezin egitea” edo “egin nahi ez izatea”. Bigarren hori guztiz errespetagarria da, baina “ezin egitea”… begiratu beharra dago.

Bukatzeko doako oparitxo horietako bat eskaini nahi nizueke, bihotzez nire esker ona azaldu nahi nuke artikulu hau irakurtzeagatik, eta animatzen zaituztet ingurukoei oparitxo hauek egiten ausartzea.

Azkenik, gomendio pare bat, interesgarriak direlakoan:

PELIKULA: “CADENA DE FAVORES”

LIBURUA: “VIVIR LA VIDA CON SENTIDO” (Victor Kuppers)

“Behin bakarrik biziko gara, baina nahikoa da ondo biziz gero”

AUTOLAGUNTZA: SASIBELARRA EDO SENDABELARRA?

Azken urteetan autolaguntzaren arloak gorakada handia jasan du, “Bum” bat izaten ari da. Autolaguntzaren inguruko geroz eta liburu gehiago daude, baita bideoak, tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta beste hainbat gauza ere. Eta era guztietako gaiak hartzen ditu barne: sukaldaritza, argaltzeko dietak, zoriontasuna lortzeko bideak, lan gehiago izateko ideiak, lan gutxiago izatekoak, lasai bizitzeko gomendioak, eta abar.

Guzti hori zergatik?

935. urtean Alkoholiko Anonimoen erakundea sortu zen eta talde honen oinarria zera zen: inork ez du hobeto ulertzen alkoholiko baten egoera beste alkoholiko batek baino. Horrek, filosofia eta mekanika berdineko beste hainbat talde edo mugimendu sortzea eragin zuen, azken batean elkar-laguntza bultzatzen zutenak.

Gaur egun bizi dugun mundu honetan norberak bere buruaren jabetza eta kontrola bilatzea du helburu, baina ez digute nola egin erakutsi, ez digute hori aurrera eramateko aukerarik utzi, eta gainera, ez daukagu nahikoa denborarik arlo hori lantzeko. Horren aurrean, liburuek, bideoek, mezuek, tailerrek eta atzeko materialek laguntzen digute barruko su hori pizten. Pauso hori ematen dugunean gure sentsazioa ondorengoa izaten da: aurrera pauso bat ematen ari naiz ni berria bideratzeko.

Zergatik jarraitzen dugu berdin hainbeste liburu eta hitzaldiren ondoren?

Autolaguntza igeri egiten ikastea bezala da, teoria oso argi eduki daiteke, teknika guztiak jakin daitezke, baina azkenean uretara salto egin beharra dago igeri egiten ikasteko. Ez da erraza ikasitakoa martxan jartzea. Azken batean, gure beldurrek, erosotasunek eta inguruak betikoak izaten jarraitzera bultzatzen gaituzte, beti jokatu izan dugun modu berdinean jokatzera. Eta modu horretan zer lortzen dugu? Betikoa. Emaitzak ez dira aldatzen.

Inguruan pertsona asko dauzkagu autolaguntza txorakeria bat dela uste dutenak, ahulentzat dela, eta ni bezalako laguntzaile pertsonalek dirua irabazteko soilik balio duela esaten dutenak. Nik ere baditut lagunak arlo honetako liburuak irakurri edo hitzaldiren batera joango liratekeenak, baina besteek zer esango dutenaren beldurrez geldirik geratzen dira. Baina horietako batzuk askotan kafe batera gonbidatzen naute beren zalantza eta beldurrak elkarbanatu edo beren ametsetaz hitz egiteko. Normala da, uler dezaket. Izan ere, ni ere horrelakoa izan naiz urte askotan.

“Ados Luis, baina ez duzu gauza berrik esaten, esaten duzuna sen onekoa besterik ez da”. Sena oso gutxi erabiltzen dela aspaldi ikasi eta ikusi nuen. Pixkaka-pixkaka sen oneko gauzak ikasten eta berrikusten joatea ez litzaiguke batere gaizki etorriko guztioi.

Egia da ez dudala gauza berririk esaten, aspaldian beste batzuek esan, bizitu eta idatzi dituzten gauzak berreskuratu, pilatu, sailkatu eta azaltzen ditut soilik. Baita nik nire bizitzan izan ditudan esperientziak, gora-beherak, eta bertatik ikasitakoak ere. Hala ere, guzti hori askorentzat baliagarri eta lagungarri suertatzen da, eta ni pozik.

Norberaren jarrera da autolaguntzaren gakoa

Nik argi daukat autolaguntzak asko lagundu dezakeela, eta hipotesi hori argitzen saiatuko naiz:

Lehendabiziko aldiz liburu bat irakurtzea edo ikastaro edo hitzaldi batean parte hartzea erabakitzen dugunean aurrera pauso bat egiten ari gara, hain zuzen ere, lehenengo aurrerapausoa izango da. Horren aurrean, konturatzen gara zerbait falta dugula, zerbait aldatu edo hobetu nahi dugula. Eta lehen erabilitako alkoholiko anonimoen adibidearekin jarraituz,  hobetzeko lehenengo pausoa hori onartzea izango da. Beraz, lehenengo pausoa emanda, ZORIONAK!

Bigarren pausoa, onartzen dugun horretatik irteten ez dakigula ikustea izango da. Onartu beharra dago ez dakigula dena eta denetik. Socratesek zioen moduan: “Bakarrik dakit ez dakidala ezer ez”. AURRERA! Honen aurrean gure egoera berdinetik beste norbait atera dela edo aurrera egin duela konturatzeak eta berak emandako pausoak azalduko dizkigula jakiteak esperantzaz betetzen gaitu. ANIMO!

Autolaguntzako prozesuan gure sinesmenak aldatzen dira, izan ere, egoerak beste ikuspuntu batetik begiratzea lortuko dugu eta  ingurua beste betaurreko batzuekin begiratzea. Sinesmenak aldatuz gero, pentsamenduak ere aldatuko dira, baita emozioak ere. Ondorioz, jarrera ere guztiz aldatuko da. Eta, jarrera aldatzen bada, zer gertatuko da? Lortuko ditugun emaitzak guztiz desberdinak izango direla.

Kontutan izan behar dugu ez dela berdina zerbait ezagutzea edo zerbait jakitea. Sagardoaren inguruko liburu bat irakur dezakegu, dokumental bat ikusi edo hitzaldi batetara joan. Ezagutzen dugu sagardoa nola egiten den, zer den beharrezkoa eta zer pausu jarraitzen diren, baina badakigu sagardoa egiten?

Denean eta beti gertatzen den bezala, jarrera ezinbestekoa da hemen ere, helburua lortzeko gai edo ez-gai izateko. Liburuan, kurtsoan edo hitzaldian ikasitakoa egokia edo baliagarria iruditzen bazaigu praktikan jarri beharko dugu eta denboran zehar konstante izan. Zenbat denbora? Helburua lortzeko beharrezkoa zaigun denbora guztia.

Oso argi eduki behar dugu autolaguntzako liburu, ikastaro eta hitzaldiak aukeratzeko momentuan idatzi duenak edo aurkeztuko digunak bide hori egina duela eta emaitza onak lortu dituela. Autolaguntza bultzatzen dugunok gainontzekoei bide berriak aurkeztu, bide berri horiek probatzera bultzatu eta prozesu horretan laguntzeko gaude. Eta ziur naiz bide egokia aurkituko duzula. Zure barneak esaten dizuna entzuten baduzu, bide berriak probatu eta benetan nor zaren ikusiko duzu.

Gozatu zure bideaz eta laguntzarik beharrez gero, badakizu non nagoen.

ZEIN DIRA LOTZEN ZAITUZTEN KATEAK?

Ipuinak haurrak lokartzeko eta helduak esnatzeko direla esan zidaten behin, eta ordutik ipuinak erabiltzea gustatzen zait, metaforen bidez esan behar dudana azaltzeko. Jorge Bucay-ren sinesmenei buruzko ipuin zoragarri bat erabiliko dut gaurkoan: Katez lotutako elefantea. 

“Txikia nintzenean oso gogoko nituen zirkoak, eta gogokoenak animaliak zituztenak ziren. Beste askori bezala, animalia guztietatik elefanteak bereganatzen zuen nire arreta.

Erakustaldi guztian zehar piztia erraldoi horrek bere pisua, tamaina eta indar izugarriak azaltzen zituen. Emankizuna bukatzean, aldiz,  burdinezko kate bat lotzen zioten hanka batera, baina kate hori lurrean nekez sartuta zegoen enbor txiki batera egoten zen lotuta. Eta nahiz eta burdinezko katea sendoa izan, dudarik gabe elefante horrek bazuen egur zati hura lurretik erraz atera eta alde egiteko nahikoa indarra.  Eta orduan, zergatik geratzen zen hor geldik animalia hura? Zergatik ez zuen ihes egiten?

Bost edo sei urte nituenean oraindik helduen jakintzan konfiantza nuen, eta maisuren bati, aitari edo osabei elefantearen misterioagatik galdetu nien. Batzuk zioten animaliak ez zuela ihes egiten hezia zegoelako. Eta horren aurrean, ondorengoa galdetu nien: hezia badago, zertarako lotzen dute? Uste dut ez nuela zentzuzko erantzunik jaso.

Denborarekin elefantearen gertakizun hura ahaztu nuen, baina orain dela urte batzuk konturatu nintzen norbaitek aurkitu zuela galdera horren erantzuna:

Elefanteak ez du ihes egiten, txikitatik kate eta enbor horiekin lotuta egon delako. Begiak itxi nituen eta elefante jaioberriaren irudia bururatu zitzaidan, burdinezko kate eta enborrarekin lotuta. Seguru nago momentu horretan elefante txikitxo horrek katetik tira eta bultzaka izerdi ederrak botako zituela, ihes egiten saiatuz. Baina ezin izan zuen. Txikia zen, eta enborra handia bere aldean. Baliteke hurrengo egunean beste saiakera bat egin izana, baita hurrengo egunean, eta hurrengoan, … baina azkenean, elefanteak enbor hori mugitu eta ihes egiteko gaitasunik ez zuela onartu eta amore eman zuen.

Beraz, nik ikusi nuen elefante handi eta izugarri horrek ez zuen ihes egiten, gai ez zela uste zuelako (gaixoa). Seguruenik gogoan izango zuen noizbait saiatu zela ihes egiten, eta ez zuela lortu, ez zela gai izan. Eta tristeena da, ez zela inoiz gehiago saiatu. Ez zuen inoiz, inoiz, inoiz bere indar izugarria erabili berriro askatzen saiatzeko.

Bizitzan zehar horrelako kate eta enbor askotara lotzen gaituzte, askatasuna kenduz… eta “ezin dut” horrek baldintzatzen gaitu… Benetan ahal dugun edo ezin dugun jakiteko bide bakarra saiatzea da, behin eta berriz gure indar guztiekin saiatzea…”

Hau irakurri eta hausnartu ondoren, zein dira zure kateak? Eta zer pauso eman behar dituzu behingoz kate horiek puskatzeko?

Ondo izan, lagun.