Tag Archives: Denbora

BIRIBILGUNE BATEAN BUELTAKA

Errutinan bizitzera ohitzen gara, modu berdinean jardun eta pentsatzera. Sistemak eta gizarteak bide zehatz bat erakutsi digu, eta bide hori jarraitzen dugu. Ez diogu momentu batez ere gure buruari galdetzen ea bide hori den gure benetako bidea. Aurrera goazela uste dugu, baina bueltaka gabiltza, biribilgune batean bezala.

Batzuetan biribilgune horren erdian gelditu eta bide egokitik goazen galdetzen diogu gure buruari, baina gizarteak segituan atzetik bozina jo eta aurrera jarraitzen dugu bide berdinetik. Bide horretan bueltaka jarraitzeagatik gure ilusio eta ametsak ahazten zaizkigu. Zorionez gorputzak askotan ohartarazten gaitu, seinaleak bidaltzen dizkigu: nekea, ilusio falta, tristura, mina, antsietatea, beldurrakā€¦ hala ere bide berdinean jarraitzea erabakitzen dugu.

Egun guztian zehar korrika ibiltzen gara, askotan nora goazen ere jakin gabe, baina korrika. Hori egin behar dugula pentsatzen dugu, hori dela bidea, gainontzekoek hori egiten dutenez guk geuk ere berdina egin behar dugula. Azkenean, kotxean erregaia falta dela ohartarazten duen seinalea piztu eta presagatik ezin garela geratu esatea bezalakoa da hori, izan ere, geratzen ez bagara momentu batean kotxea erregairik gabe geratuko da, eta orduan arazoa handiagoa izango da.

Guzti hori aldatu edo hobetzeko apur batez gelditzea da modu bakarra. Geratu, nora goazen hausnartu, eta ikusi ea leku hori den guk joan nahi dugun tokia. Gehienetan, gauza gutxiago egitea edo egiten dugun hori mantsoago egitea izaten da konponbiderik egokiena egoerak konpondu eta zoriontsuago izateko.

Oso garrantzitsua da denbora ondo sailkatzea. Denbora da daukagun altxorrik baliotsuena. Denbora ezin dugu erosi, beraz, gure eguneroko denbora nola erabili jakitea da ikasi behar dugun garrantzitsuena. Guztiok denbora berdina daukagu egunean zehar, 24 ordu hain zuzen ere. Denbora hori berdina da lasai dabiltzanentzat edo korrika dabiltzanentzat, baina gure esku dago denbora hori zertan erabili erabakitzea: gure alde, gure aurka, edo beste batzuen denboraren alde.

Estresa ez da kanpoko zerbait, barrukoa baizik. Estresa guk geuk sortzen dugu gure bizimoduarekin, bizitza ikusi eta sentitzeko daukagun erarekin. Beraz, ez begiratu kanpora hori konpontzeko, konponbidea zure barruan dago. Munduak berdin jarraituko du zu aldatu edo ez, baina zu aldatzen bazara, zure mundua aldatuko da.

Gehienetan ez geratzeko arrazoi nagusia beldurra da, eta estresa beldur horren ondorioa besterik ez. Geratzeak eta barrura begiratzeak guzti horretaz konturatzen lagunduko digu, gure burua hobeto ezagutzen. Non gauden eta nora goazen jakitea baimenduko digu. Ez bagara orain geratzen, lehenago edo beranduago geratuko beharko dugu, baina seguruenik kolpea handiagoa izango da zenbat eta beranduago gelditu.

Har ezazu mesedez zuretzat tarte bat, ahal baduzu egun oso bat. Zuretzako egun bat hartzea asko iruditzen bazaizu, bi egun hartzea komeni zaizunaren seinale izango da. Zuretzat, munduko pertsonarik garrantzitsuenarentzat, ezin al duzu egun bat hartu? Egun horretan lasaitasunez barrura begiratu eta idatzi ezazu non zauden, nola egon nahiko zenukeen eta zer aldaketa behar dituzun. Horrek ez du esan nahi aldaketa horiek orain egin behar dituzunik, momentuz behintzat barrura begiratzea eta barnean sentitzen duzunari arretaz entzutea nahikoa da. Pausoz pauso eta poliki-poliki. Lan handia da lehen pausu hori egitea.

Ziur naiz behin ariketa hori egitean gustua hartuko diozula eta orain arte zuretzako tarterik izan ez duen egutegi horretan zuretzako tarte gehiago hartzen saiatuko zarela. Noski baietz, merezi duzu, eta hori onartzea da aldaketaren lehen pausua. Har ezazu denbora gehiago zuretzat.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Orain bertan zer izango litzateke zure bizitza aldatuko lukeen hori? Zer aldatuko zenuke zure bizitzan?