ZUK HARTZEN DITUZU ERABAKIAK EDO BESTEEN ERABAKIEN MENPE BIZI ZARA?

Bizitza erabakiak hartzeko prozesu bat da. Batzuetan ez dute eragin handirik. Adibidez, kafea hutsa edo ebakia? Pentsatu ere egin gabe hartu genitzake. Baina beste batzuetan gehiago dago jokoan, eta ondo pentsatu beharra daukagu.

Badaude pertsona azkarrak erabakiak hartzeko garaian, eta beste asko bueltaka eta bueltaka ibiltzen direnak erabakia hartu aurretik. Erabakia azkar hartzen dutenen artean, badaude arduratsuak, baina baita arduragabeak ere. Eta bueltaka ibiltzen direnen artean aldiz, arduratsuak eta ziurtasun falta dutenak bereizten dira.

Bizitza esperientzia bat da, eta esperientzia, erabakiak hartu eta probatzera ausartzean eskuratzen den zerbait da. Bestela, besteen esperientziaz baliatuz biziko gara. Argi izan behar dugu hartutako erabaki asko ez direla egokiak izango, baina hori ere ikasketa bat izango da hurrengoan erabaki zuzenak hartzeko. Hau da, gauzak nola egin eta nola ez egin irakatsiko digu esperientziak. Baina horretarako probatzera ausartu behar gara. Horregatik, noizbait dudatan bagaude zerbait egin edo ez egiteko, dudarik gabe, egin.

Momentu oro daukagu erabakiak hartzeko beharra, eta ez badugu erabakirik hartzen, norbaitek hartuko ditu gure partez. Beraz, hobe izango da gure bizitzako erabakiak norberak hartzea, asmatu ala ez.

Gaur egungo egoeran konturatu naiz jendea erabakiak hartzeko beldurrarekin dabilela: datuak ikusi, iritziak jaso, beste buelta bat eman, beste bilera bat prestatu… eta bueltaka jarraitu.   Erabakiak atzeratzeak ezinegonak eta intseguritateak besterik ez ditu sortzen. Badira ere erabaki okerrak ikasketa moduan hartu beharrean, porrot moduan bizitzen dituztenak. Ez dira konturatzen iritsi diren lekura iristeko erabaki zuzen asko hartu dituztela eta okerrak ikasketak direla.

Zerk laguntzen gaitu erabakiak hartzera?

  • Denbora bat hartu, erabakiaren pisuaren araberakoa.
  • Onartu erabakian hanka sartzeko aukera dagoela. Kontuan hartu aukera hori jaisten joango dela erabakiak hartzeko ohitura hartzen goazen heinean.
  • Laguntza eskatu. Ziur ez gaudenean, gure konfiantza duen norbaiti laguntza eskatu.

Hemen dituzu proposamen batzuk:

ARIKETA:

Idatzi zein den kostatzen ari zaizun erabakia. Alboan, idatzi zein izango litzatekeen emaitza kasurik okerrenean.  Idatzi baita ere, kasu hori beteko balitz, zer gertatuko litzatekeen.

Gehienetan, hori guztia idazten ari garen bitartean konturatzen gara egoera okerren hori betetzeko posibilitatea oso txikia dela, eta gertatuta ere, gai izango ginatekeela egoerari aurre egiteko.

PELIKULA: Jerry Maguire (1996)

LIBURUA: La brújula interior (Alex Rovira)

https://www.amazon.es/br%C3%BAjula-interior-Narrativa-empresarial/dp/8495787911/ref=sr_1_1?ie=UTF8&qid=1507022695&sr=8-1&keywords=la+brujula+interior+alex+rovira

Comments

Leave a Reply